Vadielloko Puroa.

Patxi Lasarte

Aurreko batean Riglos inguruan topatu daitezken beste aitzetaz hitzegiten nuen, Agüeroko Peña Solako eskaladaz konkretuki. Baina badira “Galaxia Riglos” boteretsu honek eklipsaturiko leku gehiago, eta horietako bat bisitatzeko gogoa aspalditik neukan. Hala, udazkeneko asteburu batean Unai eta biok Aragoi aldera abiatu ginen. Euskal Herria euripean utzita, beste hainbestetan bezala Zaragoza aldeko eguzki goxoak ongietorri alaia eman zigun.

Larunbaterako, entrenamendu gisa, Aguja Rojara hurbildu ginen. Aitza hau, Riglosko mallo handien aurrean apala, eskalada ederrak eskaintzen ditu hala ere, eta gure burua panza eta bolo hauen artean trebatzeko ezin hobea da. Mallo Txikitoen artean lirainena eta bertikalena da, eta bere bideetan ondo moldatuez gero, zihur prest gaudela Mallo handien bia klasikoetan sartzeko.

Unairen atzean, “Aguja Roja”.

Unai eta biok bi bia igoko ditugu:

  • Sureste, 120 m, 4 luze, semiekipatua, Vsup eta A0ko pauso bat
  • Villarig, 120 m, 3 luze, ekipatua, 6ª.

Bainan badira Aguja Rojan beste bia eder batzuk, bisita merezi dutenak, Normala V gradukoa, eta Edil, Vsup, bezalakoak, azken hau gainera Alberto Rabadak zabaldua.

Eta entrenamendu saio atsegin honen ondoren, kotxea hartu eta lotarako gure benetazko helburura hurbiltzen gara.

Vadielloko urtegia Guarako parke Naturalean kokatuta dago. Hori dela eta, ezin da bertan akanpatu. Ingurune flipante batean dago, non urtegia eta inguruko harkaitzen arteko kontrastea, nolabait Estatu Batuetako “Salvaje Oeste”ren antza duen paisaia sortzen du. Urtegiaren inguruko domo arkaitsu borobiletan, eskalada deportibako bia pilo dago. Bainan apur bat gorago, Liguerriko Mallo zorrotzak altxatzen dira. San Jorge, Mitra edo Puro izeneko haitz hauetan, arkaitza ez da hain sanoa, eta ekipamendua rustikoagoa da. Abenturako eskaladaren eremutan sartzera goaz, beti ere sai arre, saizuri eta bestelako hegazti harrapakarien begiradapean. Hain zuzen ere, hegazti hauek ez molestatzearren, eskalada debekatuta dago bertan Urtarrilatik ekaina bitartean.

Vadielloko urtegia.

Gure oraingo helburua Puroko bia normala da. 140 m 5 luzetan banatuta, V sup edo 6a eta A2 ekipatutako zailtasunez. Bia historikoa da, bere garaian lan itzela suposatu zuena, batez ere bigarren luzeko desplomea eskalada artifizialean gainditzeko. Gaur egun bia reekipatuta dago, bainan oraindik aukera dugu estriboetatik zintzilik egoteko, aperturistak jarri zuten bezalako seguro batetik: eskuz zulatutako hutsunean egurrezko pieza bat sartu, eta bertan pitoi metaliko bat enpotratuta. Hau bai dela errekurtsoak izatea, alajaina…

Vadielloko Puroa.

Lehen luzera, zailena libren.

Jatorrizko bezalako seguroa.

Konturatzerako, orduak pasa eta Puroaren tontorrean gaude, Far West itxurako panorama ederraz gozatzen… Rappel batzuk eta behean gaude, eta berriz etxerako bidean, euripean bizitzera. Zer nolako udazken eta negua izan dugun… Bainan giro ilun eta hezeak bultzatuta, tristeziak eta depresioak nire buruaz jabetzeko zorian nabaritzen ditudanean, aski dut Vadielloko Puroaren arkaitz urre kolorekoa gogoratzea, eta eguzkiaren diztira Vadielloko uretan jolasten, irrifarra berriz sortzeko nire gogoan.

Artifizialetik ateratzen, 2. luzera.

Villarigen, luze zailena.


Una respuesta to “Vadielloko Puroa.”

  1. [...] IKUSI KRONIKA.HEMEN SAKATU-VER CRÓNICA. PINCHAR AQUÍ [...]

Escribe un comentario