IZOTZA GAVARNIE-N

Patxi Lasarte

Uda apenas hasi gabe, eta dagoeneko izotza faltan botatzen!! Arraroak gara gero eskaladoreak…Bainan  uztaila hasierako bero latz hauek berriz ere nire gogoa neguko plazerretara eraman dute, izotz eta elurretara.

Aurreko batallitan Alpeetako kaskadetaz aritu nintzen. Hor, beroketa globalak  Piriniotan pixkanaka lapurtzen ari dizkigun baldintza egokiak nahiko ziurtaturik dauzkagu. Aurtengo negua, ordea, espeziala izan da Piriniotan: luzea, hotza, elurtsua… Zorionekoak izan gara, ia bi hilabetetan Gavarnieko izotzak baldintza ezin hobean egon baitira gure zain. Eta Gavarnieko zirkoa ondo egonda, zeinek du Alpeetara joateko beharrik?

Juan Gavarnieko lehen pisuaren aurrean

Alpinista edo eskaladorea ez izanda ere, zirko ikusgarri honek bisita merezi du. Kasik 2000 m-tako desnibela dago bere azpiko harritzetatik gaineko tontorretara. Eta ze tontor dotore eta ezagunak!: Marboreko piko eta dorrea, Kaskadetako tontorrak, Astazuak, Taillon… Bere elur eta harkaitzetan idatzi zen pirineismoaren historia. Bere azpiko herriak, Gavarnie, Gédre, Luz, bi mende daramate mendiko turismotik bizitzen, eginahal honetan bere arima eta paisaia deabruari saldu gabe. (Aragon edo Tena bailarekiko kontrastea mingarria da: Formigaleko txikizioa, Villanua eta Candanchuko bodrio urbanistikoak…)

Zirkoa osatzen dituzten hiru pisuek haitzezko paretaz, elurtegiz eta harritzez tartekaturik daude. Ur jauzi izugarriek zeharkatzen dituzte pareta horiek, Europako luzeena omen den “Ur jauzi handia” besteak beste. Bertako aitza ez da munduko hoberena eskaladarako, baina kaskadak izozten direnean, hor bai sortzen dela agian Europako terrenorik hoberena izotz eskaladarako.

Dopamineko 2. erreuniora iristen

Gavarnie herritik aterata, ordu terdiko paseito batek eramaten gaitu Hotel du Cirque-raino. Udaran ibilaldi atsegina dena, neguan apur bat nekosoago izan daiteke elurragatik, baina hala ere bertatik arnastu daiteken ikuspegiak pena eta nekea merezi du. Izotz eta elurraren zuriek zirkoa nolabait argitzen dute, eta eskalada eta irudimenarentzat bideak sortzen dituzte.

Gavarnieko kaskadak galduezinezko zita bat dira alpinistarentzat. Hemen zabaldu ziren Europako lehen kaskada gogorrak, Dominique Julien-en eskutik, hemen daude oraindik ere zailenetariko batzuk, eta hemen egiten dira enkadenamendu luze eta gogorrenak. Azken bi neguak oso egokiak izan dira. Bia berriak zabaldu dira, mitikoenak errepikatu, eta jende mordoa pilatu da bere bide klasikoetan. Ospearen alde txarra hori bait da, Espainia osoko eta Frantziako eskaladoreak bertan pilatzen garela baldintza egokiak daudenean. Místicos, Freezante, Banzayous, Fluido Glacial…, guzti hauetan hiru edo lau kordada elkartu daitezke, honek suposatzen duen arriskuarekin.

Urtarrilan Juan nire anaia eta biok ezin izan genion Gavarnieri ezetzik esan, eta bertara hurbildu ginen Dopamine eskalatzeko. Guztira 300 m-tako bidai bertikala jario izoztu miresgarria jarraituz. Bereziki polita izan zen bidearen azken zatia, Místicos-tik egin genuena. Goiz mugitu beharra dago asteburuetan Gavarnien eskalatzeko. Goizeko zazpitarako Hotel du Cirquen geunden, harrituta, oraindik gau iluna zen horretan, bidean zeuden kordaden frontalek osatzen zuten argien lerroa ikusita. Ipurtargien prozesioa zirudien. Hala ere, zortea izan genuen, eta inork gutxik aukeratu  zuen gure bia.

Juan 3. luzeran

Erreunio sendoa tornilloak triangulatuz

Gavarnieko kaskadek dimentsio berezia dute. Luzeak dira, eta askotan erreunioak izotzean bertan egiten dira, tornilloen laguntzaz. Honek seriotasuna ematen die. Inguruaren basatitasunak, ur izoztuan barrena igotzeak, inpresio sendoa uzten du barruan. Ordu batzuk eskalatzen eman ondoren, largorik zailenak, eta ederrenak, amaieran topatzen ditugu. Gustura gaude, forma onean…Entrenamendu egokia Eskoziarako.

Gavarnie. Zein plazer ederra eta basatia… baldintza onak daudenean.

Gavarnieko zirkoa: 2000 mtako desnivela hiru pisuetan

Another day on the paradice


Una respuesta to “IZOTZA GAVARNIE-N”

  1. [...] KRONIKA IKUSI: Izotza Gavarnie-n HEMEN SAKATUZ [...]

Escribe un comentario